Botón de inicio
eu | es
Logotipo OPE 2015 Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Enplegu Publikoko
Eskaintzen gaineko Informazio orokorra eta pertsonalizatua

Sarrera

Inprimatu

  • AKORDIOA, 2014ko abenduaren 9an Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak emandakoa, 2014ko ekitaldirako Ente Publikoaren Enplegu Publikoaren Eskaintza onartzeko.


    2013-2016 eperako Osakidetzaren Lerro estrategikoak eta Ekintza-planak X. Legegintzaldiko Osasun Politiken Lerro Orokorretan kokatuta daude, eta bertan sartzen da «Profesionalen protagonismoa eta inplikazioa»ri dagokiona ere.

    Lerro horren helburuetako bat Osakidetzaren giza baliabideen plangintzan eta antolaketan aurrera egitea da, kontuan hartuta antolakuntza premia berriak. Horretarako, beste neurri batzuen artean, beharrezkoa da hautaketa eta horniketa prozesuetan etengabeko hobekuntzako jarduerak planifikatzea.

    Zentzu horretatik, 2014-2016rako Osakidetzako Giza Baliabideak Antolatzeko Planak hainbat jarduera-ildo zehazten ditu; tartean, langileak ardatz hartzen dituen eta sustatzaile dituen aldaketa kulturala eta GG.BB.en plangintza, premien araberakoa eta pertsonen kudeaketan eraginkortasuna lortzearen aldekoa.

    Langileen hautaketa-prozesuak egiteak arlo barneko plangintza bultzatzen laguntzen du, Giza Baliabideen aldez aurretiko azterketan zer-nolako beharrizanak dauden ikusten delako eta, horri esker, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa eta langileen asebetetzea sustatzen direlako.

    Nolanahi ere, ekintza horiek guztiak indarrean dagoen lege-esparruaren baitan garatu beharrekoak dira.

    Osakidetzaren Enplegu Publikoaren Eskaintza 2014. urterako osatzean efektiboen % 10eko birjartze-tasaren muga aplikatu da, oinarrizko arau gisa hala jasota baitago ekitaldi honetarako enplegu publikoaren eskaintzen arloan, 2014ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko 22/2013 Legearen arabera.

    Osakidetzako Administrazio Kontseiluak berretsi egin du Ente Publikoan enplegua sendotzeko ekimenekin hartutako konpromisoa, nahiz eta lege-esparruarekin bat egiteko eskaini beharreko plaza kopurua birjartze-tasaren arabera egokitu beharko den.

    Hortaz, hautaketa-prozesuen kudeaketan irizpide ekonomikoak eta eraginkortasunekoak aintzat hartu behar direla eta, Administrazio Kontseiluak ondorioztatu du 2014ko Enplegu Publikoaren Eskaintza prozesu orokor baten baitan ulertu behar dela, 2014ko eta 2015eko deialdietako enplegu publikoaren eskaintzak barne hartuta, alegia. Gainera, aukera dago 2016ko eskaintza ere bertan sartzeko, kasuan kasu zehazten den birjartze-tasa gainditu gabe.

    Eskaintza orokor horretan sartu beharreko lanpostu kopurua zehazteko orduan kontuan izango da lanbide-kategorien premien artean zeintzuk diren lehentasunezkoak.

    Lanpostuak lanbide-kategoriaren arabera banatzeko modua eta deialdien oinarriak Osasuneko Mahai Sektorialean negoziatuko dira, eta Administrazio Kontseilu honek onartu dituenean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

    Era berean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak 2014-2016 eperako prestatu duen Giza Baliabideak Antolatzeko Planarekin bat eginez, langile berrientzat eskaini beharreko lanpostuez gain, enplegu publikoaren eskaintzak barne sustapen prozesuen bidezko plazak ere eskainiko ditu.

    Bi deialdiak, txanda irekikoa eta barne sustapenekoa, batera egitekoak dira.

    Esandakoaren ildotik eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko 2007ko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 37.1 artikuluan 2014ko EPEaren inguruan xedatutakoa betez, Osasuneko Mahai Sektoriala bildu egin da irailaren 15ean, urriaren 22an eta azaroaren 24an, negoziatzeko eta akordioetara heltzeko, irizpide orokorrak finkatze aldera. Bilera horietan, Osakidetza prest agertu da 2014ko ekitaldirako enplegu publikoaren eskaintza negoziatzeko indarrean dagoen lege-esparruan ezarritakoaren arabera, bereziki 2014ko ekitaldirako onartutako birjartze-tasari dagokionez. Horrez gain, erakundea barne sustapen bidez beteko diren plazak gehitzearen alde azaldu da.

    Xedatutakoarekin bat eta Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta kontuan hartuta 1997ko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5.f) artikulua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena, Administrazio Kontseiluak, 2014ko abenduaren 9ko bileran, ondoko hau erabaki du:

    AKORDIOA

    • Lehenengoa.–

      Honen bidez onesten da 2014. urterako enplegu publikoaren eskaintzaren deialdia Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan, estatutupeko langile finko izateko.

      2014ko enplegu publikoaren eskaintzan 187 lanpostu eskainiko dira, guztira.

    • Bigarrena.–

      Osakidetzaren Giza Baliabideak Antolatzeko Plana garatze aldera, onartu egin da 187 plaza betetzeko barne sustapeneko hautaketa-prozesuen deialdia.

    • Hirugarrena.–

      Aurreko ataletan zehaztutako prozesuak, estatutupeko langile finko izateko eta barne sustapenerako, batera garatuko dira lehiaketa-oposizio sistemaren arabera.

      Bi prozesuetako fase oro publizitate-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun- printzipio orokorrak errespetatuta egingo da, eta ahalik eta gardentasunik handiena bilatuko da.

    • Laugarrena.–

      Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian dagozkion deialdiak argitaratzean zehaztuko dira deialdi honetan sartutako kategoriak.

    • Bosgarrena.–

      2014ko enplegu publikoaren eskaintza 2015erako prestatukoari atxikiko zaio gauzatzeko orduan. Azken hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluan onartu beharko da, 2015eko lehen lauhilekoaren barne.

    • Seigarrena.–

      Mahai sektorialaren negoziazioaren ondorioz 2016. urteko eskaintza publikoa aurrekoei atxikitzea egoki ikusiz gero, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kon-tseiluak 2014, 2015 eta 2016 ekitaldietarako deialdi bateratua onartu beharko du 2016ko lehen hiruhilekoan.

    • Zazpigarrena.

      Nolanahi ere, txanda irekian zein barne sustapenean egindako eskaintzaren barne deitutako lanpostu guztien % 7 gorde egin beharko da % 33ko ezintasuna edo hortik gorakoa duten pertsonentzat. Lanpostu horiek eskuratzeko, probak gainditzeaz gain, egiaztatu egin beharko dute esandako ezintasun maila daukatela eta ezintasun hori lanpostuari dagozkion zereginekin bateragarria dela.

      Ehuneko zazpia gordeko da, beraz, eta kopuru horretatik, eskainitako plazen ehuneko bia, gutxienez, adimen-desgaitasuna egiaztatzen dutenentzat izango da, eta gainerako plazak beste edozein motatako desgaitasuna egiaztatzen dutenentzat.

    • Zortzigarrena.–

      Hautaketa-prozesuak garatzeko jardueren kudeaketa deialdi bakoitzaren oinarri orokorrek eta espezifikoek ezarritakoaren arabera egingo da.

    • Bederatzigarrena.–

      Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiari deitzen diren hautaketa-prozesuen kudeaketa egiteko ardura ematen zaio, kontuan hartuta oinarri orokorrak eta espezifikoak, eta aldi berean, bere esku uzten da deialdiak gauzatzeko beharrezkoak diren ebazpenak ematea, barne sartuta deitu behar diren lanpostuak zehazteari buruzkoa, kalifikazio-epaimahaiak izendatzeari buruzkoa, eta deialdiei eta destinoen esleipenari buruzkoak.

    • Hamargarrena.–

      Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina akordio honek. Bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizka-rian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean.

    Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 9a.
    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
    JON DARPóN SIERRA.



    ERABAKIA, 2015eko otsailaren 23koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, ente publikoaren 2014ko lan-eskaintza publikoa onesten duen 2014ko abenduaren 9ko Erabakia zehazten duena.


    Osakidetzaren lan-eskaintza publikoari dagokionez, ente publikoaren Administrazio Kontseiluaren 2014ko abenduaren 9ko Erabakiaren bidez onartu eta 2014ko abenduaren 16an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Erabaki horretan zehaztu zen zer-nolako irizpideak hartuko diren kontuan izandako bajak zenbatzeko, horixe baita oinarria langileen berritze-tasa finkatzeko. Beraz, bidezkoa da Administrazio Kontseiluaren erabakiaren testuan eskaintzako lanpostu guztien banakapena egitea, eta bakoitzari egoztea zein erreferentzia-ekitalditakoa den.

    Adierazitako horren guztiaren ondorioz, Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko ente publikoaren estatutuak xedatzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5.f) artikuluan xedatutakoaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2015eko otsailaren 23ko bileran hartu du honako

    ERABAKIA

    • Lehenengoa.–

      Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko 2014ko lan-eskaintza publikorako deialdiak, estatutupeko langile finkoa izatekoak, ente publikoaren Administrazio Kontseiluaren 2014ko abenduaren 9ko Erabakiaren bidez onartuak, 187 lanpostu izango ditu guztira; horietariko 80 2014ko EPEri egotziko zaizkio, 55 2013ko EPEri, eta 52 2012ko EPEri.

    • Bigarrena.–

      Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak erabaki honek. Haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dai-teke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera bi hileko epean.

    Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 23a.
    Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
    JON DARPóN SIERRA.



    ERABAKIA, 2015eko otsailaren 23koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, ente publikoaren 2015eko lan-eskaintza publikoa onesten duena.


    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren 2014ko lan-eskaintza publikoa onetsi zuen 2014ko abenduaren 9ko Erabakian, berariaz aipatzen zen Giza Baliabideak Antolatzeko 2014-2016 Plana. Plan horrek hainbat jarduketa-lerro zehazten ditu, hala nola: pertsonetan oinarritutako kultura-aldaketa, beharrizanen araberako giza baliabideen plangintza eta pertsonen kudeaketa efizientea, sistemaren ardatz gisa.

    Bestalde, honako hau ere aipatzen zen: Osakidetzako giza baliabideen plangintza eta antolamendua egungo antolamendu-beharrizan berrietara doituz garatzea da ildo horren helburuetako bat; horretarako, hautaketa- eta hornidura-prozesuak hobetzeko ekintzak aurreikusi behar dira, besteak beste.

    2015eko lan-eskaintza publikoaren bidez, 2014ko eta 2015eko bi hautaketa-prozesuak batera eginda, kalitatezko enplegu egonkorra finkatuko da.

    Osakidetzaren 2015. urterako lan-eskaintza publikoa egiteko, abenduaren 26ko 36/2014 Legeak, 2015. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, ekitaldi horretarako lan-eskaintza publikoaren arloan oinarrizko arau gisa ezarritako langileen berritze-tasaren % 50eko muga aplikatu behar da.

    2014ko abenduaren 9ko Erabakian adierazi zenez, hautaketa-prozesuen kudeaketaren ekonomia-, eraginkortasun- eta efizientzia-arrazoiak direla-eta, Administrazio Kontseiluaren iritziz, 2014ko eta 2015eko bi hautaketa-prozesuak urte horietako lan-eskaintza publikoak jasoko dituen prozesu global baten barruan kokatu behar dira.

    Pilatutako eskaintzan sartzen diren lanpostuek lanbide-kategoria ezberdinetan lehentasunezkotzat jotako beharrizanei erantzungo diete.

    Lanpostuen lanbide-kategorien araberako banaketa eta deialdien oinarriak Osasuneko sektore-mahaian negoziatu beharko dira, eta Administrazio Kontseilu honek onartu ondoren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

    Orobat, eta Osakidetza - Euskal osasun zerbitzuko 2014-2016 aldirako Giza Baliabideen Antolamendu Planarekin bat etorrita, lan-eskaintza publikoak barne-sustapeneko prozesuen bidez hornitu beharreko lanpostu batzuk edukiko ditu, langile berriekin hornitu beharreko lanpostuekin batera.

    Deialdi bat zein bestea, hots, txanda librekoa eta barne-sustapenekoa, batera gauzatuko dira.

    Adierazitakoarekin bat etorrita, eta apirilaren 12ko 7/2007 Legeak, Enplegu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzkoak, 37.1 artikuluan ezarritako xedapenei jarraikiz, Osasuneko sektore-mahaiak bilerak egin ditu, 2015eko lan-eskaintza publikoa mintzagai hartuta, 2014ko irailaren 15ean, urriaren 22an eta azaroaren 24an eta 2015eko otsailaren 18an, negoziatu eta irizpide orokorrak finkatzeko akordioak lortze aldera. Bilera horietan, Osakidetzak adierazi du 2015eko ekitaldirako lan-eskaintza publikoa negoziatzeko asmoa daukala, 2014koa negoziatu zen bezala, indarrean dagoen lege-esparruari lotuta, bereziki ekitaldi honetarako baimendutako berritze-tasari dagokionez. Horrez gain adierazi du barne-sustapeneko prozesuen bidez betetzeko lanpostuak sartu nahi dituela eskaintza horretan.

    Adierazitako horren guztiaren ondorioz, Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren estatutuak ezartzen dituenak, 8.5.f) artikuluan xedatutakoaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2015eko otsailaren 23an eginiko bileran, erabaki hau hartu du:

    ERABAKIA

    • Lehenengoa.–

      Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langile finko izateko lan-eskaintza publikorako 2015. urterako deialdia egitea onartu da.

    • Bigarrena.–

      Osakidetzaren Giza Baliabideen Antolamendurako Planaren arabera, 320 lanpostu betetzeko barne-sustapeneko hautaketa-prozesuak egiteko deialdia onartu da.

    • Hirugarrena.–

      Aurreko ataletan aurreikusitako estatutupeko langile finko izateko eta barne-sustapeneko prozesuak batera egingo dira, lehiaketa-oposizioaren hautaketa-sistemaren bidez. Prozesu horien ondoriozko jarduera guztietan publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasunaren printzipio orokorrak aplikatuko dira, eta gardentasunik handienarekin egikarituko dira.

    • Laugarrena.–

      Dagozkien deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz erabakiko dira deialdiaren xede diren lanbide-kategoriak.

    • Bosgarrena.–

      Hautaketa-prozesuen arrazionalizazio- eta eraginkortasun-arrazoiak direla-eta, pilatu egingo dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2014ko abenduaren 9ko erabakiaren bidez onetsitako 2014ko lan-eskaintza publikoari dagozkion lanpostuak eta erabaki honetan jasotakoak.

      2014ko eta 2015eko lan-eskaintza publikoak batera egingo dira, bi eskaintzetako lanpostu huts guztiak jasoko dituen hautaketa-prozesuaren deialdi bakarraren bitartez.

    • Seigarrena.–

      Nolanahi ere, barne-sustapenean nahiz txanda librean, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duen jendeak betetzeko gordeko da deialdira ateratako lanpostuen % 7, betiere, hautaprobak gainditzen badituzte eta adierazitako desgaitasun-maila eta dagozkion lan eta zereginak egiteko bateraezintasunik ez izatea egiaztatzen badute.

      Gordetako ehuneko zazpiko gutxieneko horren barruan, eskainitako lanpostuen ehuneko bi desgaitasun intelektuala duten pertsonek betetzeko izango da, eta gainerakoa, beste edozein desgaitasun-mota duten pertsonek betetzeko.

    • Zazpigarrena.–

      Hautaketa-prozesuak garatzeko jarduerak oinarri orokorren eta dagozkien deialdiek ezarritako oinarri berezien arabera kudeatuko dira.

    • Zortzigarrena.–

      Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren ardura izango da deitzen diren hautaketa-prozesuak oinarri orokor eta berezien arabera kudeatzea, eta ahalmena ematen zaio deialdi hori egikaritzeko behar adina ebazpen emateko, hala nola, deitu beharreko lanpostu zehatzei, epaimahaien izendapenari, deialdien ebazpenari eta lanpostuen esleipenari buruzkoak.

    • Bederatzigarrena.–

      Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina erabaki honek. Honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizka-rian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

    Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 23a.
    Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
    JON DARPóN SIERRA.




Informazio legala

  • © 2015. Osakidetza - EPE 2014-2015